zer nahi duzu bihar?
imprimatu

Historia laburra

 

oficina benta berri

Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxa, kutxa, 1990eko abenduaren 1ean sortu zen, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren (1879ko apirilean sortutakoa) eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren (1896ko uztailean sortua) fusioaren ondorioz.

Ehun urtetik gorako bi Aurrezki Kutxa horien hasierako helburua: aurrezkia sustatzea eta herritarren bizi-maila hobetzea.

Lehen pentsio-sistema sortu zuten, langileei laguntzeko (1901), baita haurrak babesteko sistema (1903) eta emakumearen egoera hobetzeko sistema (1933) ere. Azpiegitura publikoen eguneratzean eta herri askotako hiri-sarearen berritzean esku hartu zuten.

50eko hamarkadan, hainbat oinarrizko arazo konpondu nahian aritu ziren Gipuzkoako kutxak, hala nola etxebizitza, komunikabideak eta lurraldeko ospitale-azpiegitura, eta hezkuntzaren, kulturaren eta gizarte-laguntzaren arloetan esku hartu zuten.

1952an Institutu Erradio-Kirurgikoaren —Institutu Onkologikoaren aurrekariaren— jabe egin ziren, Ribavellosako haur-udalekuak sortu zituzten eta San Miguel patronatua ere sortu zuten, Down sindromeak jotakoak zaintzeko.

70eko hamarkadan, krisialdiko eta Aurrezki Kutxen legeria aldatzeko garaian, Kutxek euren inbertsioekin bultzatu zituzten gipuzkoar industriaren eta kanpo-merkataritzaren sektore deprimituak, eta euren jardunarekin jarraitu zuten sanitatean, hezkuntzan eta zerbitzu publikoetan.

Fusio-prozesua indartu beharraz konbentzituta iritsi ziren 90eko hamarkadara bi kutxak, bategitearen bidez hedapen ekonomiko handiko aldian bizi zen gizartearen finantza- eta gizarte-zerbitzuen eskariei erantzuteko.

Horrela jaio zen kutxa, bere jardueraren esparru guztietan eta bere Gizarte Ekintzaren garapeneko esparruan berrikuntzarengatiko kezka eta interesa hasiera-hasieratik erakutsi duen erakundea.

Ordutik hona eraldaketa sakona bizi izan du, eta horren adierazgarri da Aurrezki Kutxak izan duen bilakaera Kutxa Taldea osatzen duten erakundeen talde bihurtzeko, eta jatorrizko lurraldetik izan duen hedapen irmoa.

Azken 15 urteotan, adierazle guztiak (balantzea, pertsonak, baliabide propioak, emaitza, Gizarte Ekintzarako zuzkidura...) esponentzialki biderkatu dira.

Gako batean bilduta daude iraganeko eta etorkizuneko arrakastaren arrazoiak: badakigu nora goazen, non egon nahi dugun eta profesionaltasunez, motibazioz eta konpromisoz lan egiten dugu helburu hori lortzeko.